Ur-baliabideen inguruko gatazka

Uraren gatazka terminoa erabiltzen da herrialdeen, estatuen edo talde jakin batzuen artean ur baliabideetarako sarbidea dela-eta sortzen den gatazka deskribatzeko.[1] [2]Nazio Batuen Erakundeak aitortzen du urarekin zerikusia duten gatazkak ura erabiltzen duten pertsonek dituzten interes kontrajarrien ondorio direla. Erabiltzaile horiek publikoak nahiz pribatuak dira.[3] Historian zehar urarekin erlazionatutako hainbat gatazka egon dira, nahiz eta gerrak ez diren urarekin zerikusia duten arazoengatik bakarrik sortzen.[4] Hala ere, historikoki, ura tentsio-iturri izan da, eta, gatazkak beste arrazoi batzuengatik hasi izan badira ere, faktore horietako bat ura izan da. Nolanahi den, askotarikoak dira urarekin zerikusia duten gatazkak sortzeko arrazoiak, besteak beste, lurraldeen arteko eztabaidak, baliabideak lortzeko liskarrak eta abantaila estrategikoak lortu nahiagatik.[5] Pacific Institute ikerketa zentroak uraren gatazken inguruko online datu base bat sortu du (The Water Conflict Chronology), eta, horren arabera, uraren gatazkak duela 6000 urte inguru hasi ziren.[6]

Gatazka hauek ur gezarekin nahiz gaziarekin gertatzen dira, nazioen artean nahiz horien barruan. Hala ere, gatazkak ur gezarekin gertatzen dira gehienbat. Izan ere, ur gezaren baliabideak beharrezkoak dira, baina oso urriak. Horregatik, ur geza da edateko, ureztatzeko eta energia sortzeko beharren ondorioz sorturiko uraren gatazken erdigunea. Ur geza ezinbestekoa den baliabide natural bat da, nahiz eta modu ez parekidean banatuta egon, eta uraren erabilgarritasunak herrialde edo eskualde baten bizi-baldintzetan eta baldintza ekonomikoetan du eragina. Ekialde Hurbila[7] bezalako tokietan, ura erabiltzen duten pertsona guztiak (erabiltzaile horiek enpresak, gobernua edo banakakoak izan daitezke) presiopean egotea eragin dezake, ur-horniketarako aukera errentagarrien falta dela-eta, besteak beste. Egoera horrek tentsioa sortzen du; are, gatazkak[3] ere sor ditzake. Duela gutxi gertaturiko hondamendi humanitarioak uraren gatazkekin erlazionatu dira, Ruandako genozidioa edo Darfurko gatazka, adibidez.

Strategic Foresight Group aditu taldeak «Water Cooperation for a Secure World» (mundu seguru baten aldeko ur-lankidetza) izeneko txosten bat argitaratu zuen duela gutxi. Bertan ondorioztatu zuen herrialdeen arteko uraren lankidetza aktiboak gerra hasteko arriskuak murrizten dituela. Ondorio horretara iritsi ziren 148 herrialde[8] mugakideren 200 arro hidrografiko baino gehiagotako ur harremanak aztertu eta gero. Baina aurrerago azaltzen den moduan, nazioartekoak baino, gero eta gehiago dira estatu barruan gertatzen diren uraren gatazkak.

  1. «Water Conflicts: Fight Or Flight? | | Allianz Knowledge» archive.fo 2008-08-29 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  2. «Wayback Machine» web.archive.org 2010-07-06 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  3. a b «World Water Assessment Programme | United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization» www.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  4. (Ingelesez) International Security (journal). 2019-05-03 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  5. (Ingelesez) Heidelberg Institute for International Conflict Research. 2018-07-12 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  6. (Ingelesez) «Water Conflict» World's Water (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  7. «Managing water for peace in the Middle East» archive.unu.edu (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  8. Water Cooperation for a Secure World. .

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search